Delta Chat Komunitate-arauak
Giro ireki eta abegikorra sustatze aldera, kolaboratzaile eta mantentzaile garen aldetik, Delta Chat komunitateetan parte hartzea esperientzia atsegina eta jazarpenik gabea izan dadin ahalegintzen gara.
Gure arauak
Giro positiboa sortzen laguntzen duten jokabide-adibideak dira, besteak beste:
- Hizkera abegikorra eta inklusiboa erabiltzea
- Ikuspegi eta esperientzia desberdinekin begirunez jokatzea
- Kritika eraikitzaileak onartzea
- Komunitateko kideekiko eta etorri berriekiko enpatia erakustea
- Gatazka kasuetan laguntzea eta bitartekari lanak egitea
Guztiei saihesteko eskatzen diegun jokabide-adibideak dira, besteak beste:
- Hizkera edo irudi sexualizatuak erabiltzea, eta onartu gabeko sexu-arreta edo proposamenak egitea
- Troleatzea, iruzkin iraingarri edo gutxiestekoak, eta eraso pertsonal edo politikoak
- Jazarpen publikoa zein pribatua
- Besteen informazio pribatua argitaratzea, helbide fisikoak edo elektronikoak, adibidez, berariazko baimenik gabe
Badakigu batzuetan pertsonek egun txarra izan dezaketela, edo balitekeela euren jokabideak duen eraginaz ez jabetzea. Hori gertatzen denean, kontu handiz gogorarazi diezaiekezu, publikoki zein pribatuan, egokiena iruditzen zaizunaren arabera. Joka ezazu fede onez; litekeena da parte-hartzaileak ez jabetzea, besteak mespretxatzeko edo eztabaidaren kalitatea murrizteko asmoz egitea baino.
Mantentzaileak eta erantzukizunak
Proiektuko mantentzaileak Delta Chat-eko biltegietan bidalketa-baimenak edo komunitateko komunikazio-kanaletan administratzaile-baimenak dituztenak dira. Mantentzaile bakoitzari eskatzen zaio bere gain hartzeko erantzukizuna eta neurri egokiak eta arretatsuak hartzeko zalantzazko jokabideak ikusten direnean. Proiektuko mantentzaileek eskubidea eta erantzukizuna dute gure estandarrekin bat ez datozen iruzkinak, bidalketak, kodea, wikiko edizioak, arazo-txostenak eta bestelako ekarpenak kentzeko, editatzeko edo ukatzeko. Era berean, kolaboratzaile bat aldi baterako edo betiko kanporatu dezakete, desegokitzat, mehatxuzkotzat, iraingarritzat edo kaltegarritzat jotzen duten beste edozein jokabiderengatik.
Esparrua
Gure komunitate-arauak proiektuaren komunikazio-kanal zein topaketetan aplikatzen dira, baita espazio publikoetan ere, norbanako bat proiektua edo bere komunitatea ordezkatzen ari denean. Proiektua edo komunitatea ordezkatzearen adibide dira: proiektuaren helbide elektroniko ofizial bat erabiltzea, sare sozialetako kontu ofizial baten bidez mezuak argitaratzea, edo sareko zein aurrez aurreko ekitaldi batean ordezkari gisa jardutea.
Salaketak eta erantzunak
Jokabide iraingarririk, jazarpenik edo onartu ezin den beste edozein jokabiderik jasan edo ikusiz gero, aukeratutako proiektu-mantentzaileekin hitz egin dezakezu; gaur egun, Nami eta Xenia dira horiek. Salaketak aztertuko dituzte eta, bidezkoa denean, beste mantentzaile batzuk ere inplikatuko dituzte. Egoeraren arabera beharrezko eta egokitzat jotzen den moduan erantzungo dute, baina inoiz ez zure nahiaren aurka.
Mantentzaileak gertakari baten berri ematen duen pertsonaren konfidentzialtasuna mantentzera behartuta daude. Mantentzaileak ere ez daude salatuak izatetik libre, eta aldi baterako zein betiko ondorioak jasan ditzakete, gainerako mantentzaileek hala erabakiz gero.
Aitortza
Gure Komunitate-arauen dokumentua Contributor Covenant hitzarmenaren 1.4 bertsioan oinarrituta dago, eta helbide honetan dago eskuragarri: https://contributor-covenant.org/version/1/4